Gure ohiturak landuz, eta besteen kulturak errespetatuz, eratu dezagun mundu bakar integratu bat!

2007-10-20

DESBERDINTASUNEN ABERASTASUNA

Oso interesgarria iruditu zait Asier Iturriagaetxebarriak Berria egunkarian idatzitako artikulua, eta oso egokia izan daiteke honen inguruan hausnarketa sakon bat egiteko. Berri honetan batez ere, Zarauzko Oroiketa herri ikastetxeko integrazioa azaltzen da. Honen inguruan, bertako zuzendariak eta ikas buruak hitz egiten dute.

Bertan azaltzen denez, orain dela 6 urte Europakoak ez ziren etorkinak etortzen hasi ziren eta aparteko ikasgela batean sartu zituzten.
Orain honen inguruan, hausnarketa bat egin dezazuen esaten dituet mesedez. Zuek uste duzue hau eginez gero, benetako integrazioa lortuko dugula? Ez horixe! Gutxiengo pertsona horiek izugarrizko esfortsua egin behar dute hemen sozialitzatzeko. Haien lana hain handia izanik, zergatik saiatzen dira bide hau zailago egiten? Gizarteratzeko bide bakarra bertan bizi direnekin erlazionatzea da.

Ni batxilergoan egon naizenean, askotan ikusi dut A ereduan dauden etorkinak euren artean talde bat osatu dutela eta bertakoak, aldiz, beste talde bat. Era horretan inoiz ez dugu integrazioarik lortuko baina noski, hau ahalbidetzeko txikitatik hastea ezinbetsekoa da.

Ikastetxeko zuzendariak esaten duen bezala, honen ondorioz emaitza txarrak lortzen hasi ziren, eta are gehiago, ikasleen artean liskarrak sortzen ziren. "Ikasle etorkinek ez zuten lekurik bilatzen eskolan, ez ziren ikastetxeko kide sentitzen¨.


Hau ikustean aldaketak egin zituzten, ume guztiak klase berean jarriz. Nire ustez, hau izan beharko litzateke hasieratik egin beharrekoa. Umeak ez dira eskolara "egokitu" behar, eskola egokitu behar da umeetara. Eskola guztiak ume guztien bedintasuna jorratu behar dutela uste dut, denak egoera berdinetan jarriz. Horren aurrean egia da arazo batzuk suertatuko direla, hizkuntza mailan adibidez, eta honen aurrean bai pentsatu behar dutela zer egin.


Ikus dezakezuenez, niri artikulu hau oso interesgarria iruditu zait. Honen inguruan nire iritzia emateaz gain, artikulu honetan azaltzen den egoera azaldu dut gainetik, baina zehaztasun gehiagoz ikusteko klik egin hemen. Desberdintasunetan dagoen aberastasuna aprobetxatu beharko genuke, eta ez dena era txar batean hartu.