Gure ohiturak landuz, eta besteen kulturak errespetatuz, eratu dezagun mundu bakar integratu bat!

2007-10-25

PRINTZIPIOAK

Etorkinak eskolaratzean, irakasleek hainbat gauza izan behar dituzte kontuan. Alde batetik, euren hasierako ezagutzak ikusi beharko lituzkete, hortik hasita umeek nolako eboluzioa izan duten jakin ahal izateko. Guztion egoera ez da berdina eta beraz, ume guztiekin ez da berdin jokatu behar, ikaskuntza indibidualizatua bultzatu behar dela uste dut.
Etorkinak eskolaratzean, hauexek izan beharko lirateke erabili beharreko printzipioak:
  • Integrazioa: ikasle etorkinekin eskola- integrazioa lortu nahi da, eta era berean gizarte-integrazioa eta kohesioa.
  • Berdintasuna: kultura arteko hezkuntzak talde nagusiak eta gutxiengoen taldeak elkarrekin berdin onartu behar direla esan nahi du. Eskolak denen arrakasta bultzatu behar du, etorkinena ere bai, gutxiengo kulturak ezagutzea eta elkarrizketan jartzea, jarrera baztertzaileak baztertzea, eta kultura arteko gatazkak eklarrizketaren bidez konpontzea.
  • Interkulturalitatea: kultura arteko hezkuntzak kultura ezberdinen elkarrizketa, errespetua, eta errekonozimendua bultzatu behar ditu. Horretarako gutxiengo kulturaren zenbait eduki, jarduera, eta presentzia curriculumean ageri behar dira.
  • Kalitatea: helburu hauek denontzako dira, inor baztertu gabe eta ikasle guztien eskola eta gizarte garapenaren alde.

SARRERA

Argi dago gizarte honetan era guztietako ezberdintasunak daudela. Era guztietako diferentziak: sexua, hizkuntzak, jatorria, ohiturak, kultura...eta beste alde batetik, diskriminazioa, ezberdintasun sozialak, boterea.. adierazte dutenak.
Lehenengo diferentziak bakoitzarentzat propioak dira eta bakoitzaren nortasuna markatzen dute.
Bigarrenak aldiz, egoera txarrera jo besterik ez dute egiten. Inmigrazioa da ezberdintasun hauekin lotzen den horietako bat. Etorkina izatea ez da normalean aniztasunarekin erlazionatzen, askotan arazo bat besterik ez du suposatzen, legearen aurrean, eskolan, gizartean...
Gaixotasunak dituzten umeekin ere, eskubide gabeko ezberdintasunak ematen dira sarritan. Arazo ugari izaten dituzte batez ere eskoletan beste haurrekin integrazioa lantzeko orduan.
Honen inguruan arituko naiz pixka bat, egoera nola dagoen ikus dezazuen!