Gure ohiturak landuz, eta besteen kulturak errespetatuz, eratu dezagun mundu bakar integratu bat!

2007-12-16

EROSOTASUNEAN JAUSI GARA?

Haur etorkinen irakaslea naiz Barakaldoko ikastetxe batean. Ikasturte honetan hasi naiz beraiekin beharrean. Gai honen inguruan ez nekien ezer, eta gauetik egunera, haur etorkinen euskara laguntzaile bihurtu naiz. Hainbat ikastaro eta hitzaldietara joaten nabil, ea zer edo zer laguntzekorik esango didaten edo esperantzarekin, baina, egia esan, benetan balio izan didaten gauz gutxi entzun ditut orain arte! Denok ere, nahiko galduta gabiltzala iruditzen zait. Hala ere, bada behin eta berriro entzuten ari naizen esaldi bat hitzaldietan, ikastetxean, nire egoera berdinean dauden irakasleei, atal honetako partaideei... eta sutan jartzen nau: "haur etorkinei euskara irakasteko ez dugu material didaktikorik, eta horrela, oso zaila edo ia ezinezkoa zaigu euskara irakastea". Egia da, bai, ni aurten sartu naizela mundu honetan, baina orain arte haur etorkinekin izan dudan esperientziagatik, nik uste dut kexu hori erosotasunak eragiten digun kexua baino ez dela. Izan ere, hori diotenek, pentsatu al dute noizbait pertsonok hizkuntzak nola ikasten ditugun? Material didaktikoa benetan hain garrantzitsua ote da? Edo ez ote dute garrantzi gehiago material didaktikoak baino irakasleek haur horiekiko dituzten jarrerek? Eta pentsatu ote dute azken 30 urteotan haur erdaldunak euskal ikastetxeetan nola euskaldundu diren? Material didaktiko horiek, moldaketa urri batzuk eginda, ez al dute balio kasu horretarako? Haur hori ikasgelan eroso, gustura, integratuta sentitzeak, ez ote du horrengan gure hizkuntza ikasteko eragin handiagoa izango material didaktiko ona izateak baino? Gu haur horren lekuan jarriko bagina hizkuntza berri bat ikasteko, zer izango zatekeen garrantzitsuena? ... Eta... Zer da irakaskuntza? Irakaskuntzak, irakasle izateak, zer inplikatzen du?
Nik oraindik ez dut esperientzia gehiegi arlo honetan, baina nik uste dut, sarriegi eta ez haur etorkineik soilik, irakasleok erosotasunean erortzen garela, eta irakaskuntza lanbide eta bokazio ez bada, zuhaitz horrek fritu gutxi ematen ditu!
MAITE
Hik Hasi aldizkarian aurkitu dut Maitek honen inguruan idatzitakoa, eta benetan interesgarria iruditu zait.

No hay comentarios: